Iker Gonzalez de Garibay Yarrituk gaur hartu du zinegotzi kargua Gasteizko Udalean, Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkari gisa. Beatriz Artolazabalen lekua beteko du, azken horrek Madrilera joateko kargua utzi ondoren.
Gasteizko Udalean egindako ezohiko osoko bilkuran, Maider Etxeberria alkateak gaztelaniaz galdetu dio zinegotzi berriari ea karguaren betebeharrak beteko dituen, erregearekiko leialtasunez eta Espainiako Konstituzioa errespetatuz.
«¿Jura o promete cumplir fielmente las obligaciones del cargo de concejal con lealtad al Rey, y guardar y hacer guardar la Constitución como norma fundamental del Estado?», galdetu dio alkateak.
González de Garibayk gaztelaniaz erantzun du: «Sí, por imperativo legal, prometo».
2023an, EAJko eta EH Bilduko zinegotziek euskaraz egin zuten
2023ko ekainaren 23an, Gasteizko Udaleko oraingo udalbatza osatu zenean, EAJko eta EH Bilduko zinegotziek euskaraz egin zuten karguaren promesa. Euskaraz egin zuten, halaber, Maider Etxeberria alkateak eta Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko zinegotziak.
Iñaki García Calvo PPko zinegotziak, berriz, bi hizkuntzak erabili zituen.
Hiru urte pasatxo geroago, EAJko zinegotzi berriaren kargu-hartzean gaztelania izan da erabilitako hizkuntza.

