Sonia Diaz de Corcuera zinegotzia izango da EAJren bozeramaile berria Gasteizko Udalean, Beatriz Artolazabalek kargua utzi etaEspainiako Senatura joan ondoren. Díaz de Corcuerak, gainera, lehen alkateordearen ardura hartuko du.
Aldaketa Artolazabalen irteeraren ondoren dator. Orain arte EAJren udal taldeko bozeramailea eta lehen alkateordea izan da Artolazabal, baina irailaren amaieran Gasteizko Udala utzi zuen, Espainiako Senatuan EAJko ordezkari izateko. Eusko Legebiltzarrak urriaren 1ean izendatu zuen senatari autonomiko.
Diaz de Corcuerak, beraz, Gasteizko Udaleko talde jeltzalearen aurpegia izango da legegintzaldiaren azken zortzi hilabeteetan. Orain arte Kultura zinegotzia izan da, eta besteak beste Printzipal Antzokiaren lanak, Iradier Arenaren etorkizuna, blusen eta nesken pasealekua eta Liburu Azokaren berreskurapena bezalako gaiak kudeatu ditu. Sonia Diaz de Corcuerak ez daki euskaraz.
Aste honetan bertan EAJk Jon Urresti proposatu du 2027ko udal-hauteskundeetarako Gasteizko alkategai izateko. Fundación Vitaleko presidentea da Urresti, eta bere hautagaitza Gasteizko Interjuntak eta Araba Buru Batzarrak adostu dute.
Horrela, EAJk bi errelebo nagusi izango ditu Gasteizen: Sonia Diaz de Corcuera udal taldeko bozeramaile berria izango da, eta Jon Urresti 2027ko alkategai berria.

