Baskoniak ezin izan du Euroliga garaipenarekin hasi. Taldeak etxean ekin dio Europako lehiaketari, egungo txapeldunaren aurka, eta Olympiacosek 89-106 irabazi du Buesa Arenan.
Hasiera, baina, ona izan da. Baskonia aurretik jarri da lehen minutuetan, eta lehen laurdena 29-36 galtzen amaitu du. Hortik aurrera, greziarrek pixkanaka aldea handitu dute: atsedenaldian 46-56 eta hirugarren laurdenaren amaieran 60-81.
Azken laurdenean Baskoniak aldea apur bat murriztu badu ere, Olympiacosek ez du garaipena arriskuan jarri.
Baskoniak fitxaketak behar ditu, batez ere pibot postuan, Euroligako maila honetako taldeen aurrean lehiakorragoa izateko.
6.848 ikusle bakarrik Buesan
Beste datu deigarria harmailetan egon da. 6.848 ikusle besterik ez dira joan Buesa Arenara Olympiacosen aurkako Euroligako estreinaldia ikustera.
Joan den denboraldian, Euroligako partidetan 7.200 ikusle baino gehiago izan ziren batez beste; beraz, oraingo kopurua nabarmen beherago geratu da.
Indar Baskonia
Indar Baskoniak giroa beroagoa izateko neurriak iragarri ditu. Besteak beste, 108. sektorea ez erabiltzeko eta zaleak 208. sektorean pilatzeko eskatu du, Buesan animazioa kontzentratu eta taldeari bultzada handiagoa emateko.

