Udalak 28 bideozaintza-kamera berri jarriko ditu hiriko hainbat gunetan, bereziki Udaltzaingoaren esku-hartze gehien izaten diren eremuetan. Udal Gobernuak ostiral honetan onartuko du instalazioak egiteko kontratazioa, mantentzea barne 150.000 euroko aurrekontuarekin.
Kamera berriek egungoek baino prestazio handiagoak izango dituzte, besteak beste, bereizmen handiko irudia, gaueko ikusmena, mugimendu-detekzioa eta bideo-analitika. Zenbait gailuk kamera urrutitik biratu eta zooma egiteko aukera ere izango dute.
Hauek dira kamera berriak jarriko diren eremuak
Udalak guztira 13 kokaleku aukeratu ditu. Kamera kopurua ez da berdina izango leku guztietan: sei kokalekutan hiru kamera jarriko dira, beste hirutan bi kamera eta gainerako lauetan bana.
📍 Aldabe–Koronazio ardatza
📍 Frantzia–San Anton ingurua
📍 Gasteiz hiribidea, Txile eta San Viator kaleen arteko zatian
Zer egingo dute kamera berriek?
Sistema berriak hainbat funtzio izango ditu:
- Bereizmen handiko irudia
- Gaueko ikusmena, infragorrien bidez
- Mugimendu-detekzioa
- Bideo-analitika
- Gertaera jakinen aurrean alertak sortzea
- Kamera batzuetan biraketa, inklinazioa eta zooma
- Grabazioetan bilaketa aurreratuak
- Fokua eta zooma urrutitik egokitzea
- Datuen transmisiorako zifratze eta autentifikazio mekanismoak
Gainera, kamera guztiak udalaren datu-sarera eta Aguirrelandako CECOPeko bideozaintza-kontrolera konektatuko dira.
Udalaren arabera, gailu guztiak Eusko Jaurlaritzako Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeak ezarritako parametroetara egokituko dira.
Lau hilabeteko epea
Kontratua formalizatu ondoren, enpresa adjudikaziodunak lau hilabeteko epea izango du beharrezko lanak egiteko.
Cesar Fernández de Landa Segurtasun zinegotziaren arabera, neurriak 2024an hasitako kamera-sarea berritzeko prozesuari jarraipena ematen dio, eta helburua da bideozaintza beste eremu batzuetara zabaltzea, ekipamendu modernoagoekin. Udalak dio kamerak hiru helburutarako erabiliko direla: delituak prebenitzen laguntzeko, ikerketetan baliabide gisa erabiltzeko eta gertakarien aurrean erantzuteko denborak hobetzeko.
Irudia: Luis Alvaz
