25 urte ez dira egunero betetzen, eta Azkena Rock Festivalek kartel potentea atera du ospatzeko. 2027ko edizioa ekainaren 17tik 19ra izango da Mendizabalan. Jaialdiak kartel osoa iragarri du dagoeneko: Patti Smith, Bad Religion, Marilyn Manson, Slash ft. Myles Kennedy & The Conspirators eta Wilco dira izen nagusietako batzuk.
Eta ez dira bost izen soilik. Ia 60 artistak osatuko dute 25. urteurreneko programazioa, rockaren hainbat alor elkartuz: rock klasikoa, punk-a, hard rocka, grungea, stonera, garajea, heavy metala, bluesa, countrya, folk-a eta americana.
Patti Smith eta Bad Religion, hitzordu bereziekin
Patti Smith, Bad Religion eta Slash ft. Myles Kennedy & The Conspirators artistek 2027an Euskal Herrian emango duten kontzertu bakarra Azkena Rock Festivalen izango dutela iragarri du antolakuntzak.
Bad Religionek 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du bere punk melodiko eta azkarrarekin.
Eta Slash ere Gasteizera itzuliko da, Myles Kennedy & The Conspirators taldearekin. Guns N’ Roses taldeko gitarra-jotzaile mitikoak 2010ean jo zuen azken aldiz Azkenan.
Marilyn Manson eta Wilco ere Mendizabalan
Kartelaren beste bi izen handiak Marilyn Manson eta Wilco dira.
Mansonek bere azken lana aurkeztuko du Gasteizen, One Assassination Under God – Chapter 2, eta Wilco taldeak, Jeff Tweedy buru duela, bere rock alternatibo eta americana estiloa ekarriko du Mendizabalara.
Baina kartela askoz zabalagoa da: The Waterboys, Billy Talent, Rival Sons, Beth Hart, Billy Bragg, Michael Monroe plays Hanoi Rocks, John Garcia, 16 Horsepower, Dave Alvin & The Guilty Ones, Old 97’s, The Drones, Girls Against Boys, Cala Vento eta beste hainbat artista ere izango dira.
Eta badago euskal presentzia ere: The Clayton, BARRRK eta Marte Lasarte taldeek etxean joko dute.
Bi gune berri eta berezi
- urteurreneko edizioak nobedade bat ere izango du: Strawhouse, musika akustikoari eta folk, country eta blues sustraiei eskainitako eszenatoki berria.
Bertan arituko dira, besteak beste, Nick Lowe, Dave Hause, Lilly Hiatt, Joana Serrat eta Tulsa.
Bestalde, Trashville berriro ere Azkenaren alde basati eta bitxienaren bilgunea izango da, eta Trashville Allstars & Friends izenarekin hainbat artista eta talde bilduko ditu.
Noiz izango da?
Azkena Rock Festival 2027 ekainaren 17, 18 eta 19an egingo da, Mendizabalan, Gasteizen.
Sarrerak dagoeneko salgai daude. Bono orokorra 150 eurotik aurrera dago, eta 24 urtetik beherakoentzat 135 euroko Bono Gaztea ere badago. Sei lagunentzako Bono Kuadrilla ere eskainiko da, 125 eurotan pertsona bakoitzeko. 14 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute, formularioa beteta.

