Ignacio Aldekoa Kultura Etxeak Foru plazaren 50. urteurrena ospatzeko erakusketa prestatu du. Irailaren erdialdetik aurrera izango da ikusgai bi hilabetez luzatuko da eta hiriko espazio enblematikoenetako baten jatorria, bilakaera eta balio artistikoa ezagutzeko aukera eskainiko du.
Erakusketak Eduardo Txillida eskultorearen eta Luis Peña Gantxegi arkitektoaren elkarlanaren emaitza izan zen plazaren sorrera azalduko du. 1976an inauguratutako espazioak artea, arkitektura eta erabilera publikoa uztartu zituen, eta ordutik Gasteizko ikur nagusietako bat bihurtu da. Gainera, lehen aldiz, Txillidak Gasteizekin lotuta sortutako hainbat lan eta Peña Gantxegiren jatorrizko planoak areto berean bildu nahi dituzte.
Merkatu zahar baten tokian eraikia
Gaur egun ezagutzen dugun Foru plaza eraiki aurretik, toki berean Gasteizko azoka zegoen. XX. mendearen zati handi batean merkataritza-jarduera bizia izan zuen eremuak, baina hiria handitzen joan ahala merkatua lekuz aldatu zen. Horrela, 1970eko hamarkadan espazio berria sortzeko aukera ireki zen, eta Txillidak eta Peña Gantxegik hiriaren erdigunerako plaza berritzailea diseinatu zuten.
Plaza ez zen ohiko plaza bat izateko pentsatu. Maila desberdinak, harmailetako eserlekuak, frontoia eta eskulturaren eta arkitekturaren arteko uztarketa dira bere ezaugarri nagusiak. Urte hauetan guztietan kirol, kultura eta jai ekitaldien agertoki izan da, eta milaka gasteiztarren topagune bihurtu da.
Albistea osatzeko argazkiak PhotoAraba webgunetik hartu ditugu, CC BY-NC-SA 4.0 lizentzia dute.



