Autoa gasolina edo gasolioz bete behar baduzu, agian ez zaizu komeni gaur bertan gasolindegira joatea. Bihar, urriak 1, erregaien prezioan eragina izango duen neurri berria sartuko da indarrean: litro bakoitzeko 20 zentimoko zerga-beherapena.
Azken asteetan gasolina eta gasolioaren prezioa nabarmen igo da, eta litroa 2 euro ingurura hurbildu da Hego Euskal Herrian. Irailaren 29ko batez bestekoen arabera, gasolina 95ak 1,935 euro inguruko prezioa zuen litroko, eta gasolioak 1,931 eurokoa. 50 litroko depositua betetzeak, beraz, 96 euro inguruko kostua zuen.
Horregatik, gaur erregaia botatzeko premia ez baduzu, bihar arte itxaroteak dirua aurrezteko aukera emango du.
20 zentimo gutxiago litroko
Espainiako Gobernuak erregaien gaineko zerga-beherapena berreskuratzea erabaki du. Urriaren 1etik gasolina eta gasolioak 20 zentimoko beherapena izango dute litro bakoitzeko, eta neurria urte amaierara arte mantenduko da.
Horrek esan nahi du, teorikoki, 50 litroko depositua betetzean 10 euro gutxiago ordaintzea, beherapena osorik azken prezioan islatzen bada.
Baina badago kontuan hartu beharreko xehetasun bat: 20 zentimoko beherapenak ez du zertan gasolindegi guztietan egun batetik bestera 20 zentimoko jaitsiera ekarri. Erregaien azken prezioa petrolioaren eta nazioarteko merkatuen bilakaeraren, zergen eta gasolindegi bakoitzaren prezio-politikaren araberakoa da.
Eta ez da urrian bakarrik izango
Beherapena, gainera, pixkanaka murriztuko da hurrengo hiruhilekoan:
- Urrian: 20 zentimo litroko.
- Azaroan: 13 zentimo litroko.
- Abenduan: 6 zentimo litroko.
Beraz, gaur depositua ia hutsik ez baduzu, biharrera arte itxaroteak zentzua izan dezake: bihartikaurrera erregaiek zerga-beherapen berria izango dute.
Irudia Itz Rodrigorena da

