41 pilotarik osatuko dute Euskal Pilota Selekzioa. Urriaren 15etik 24ra Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton jokatuko den Munduko Txapelketan hartuko dute parte.
Euskal Pilota Selekzioak lehen aldiz aurkeztu du ofizialki Munduko Txapelketa batean Euskadi ordezkatuko duen taldea. Guztira, 41 pilotarik eramango dute Euskadiren izena Argentinara eta Uruguaira.
Txapelketa urriaren 15etik 24ra jokatuko da Buenos Airesen eta Colonia del Sacramenton, eta Euskal Selekzioak ofizialki parte hartuko du lehen aldiz nazioarteko hitzordu honetan.
13 modalitatetan ariko dira
Euskal taldeak 13 espezialitatetan hartuko du parte, frontoian, trinketean eta frontballean. Emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza izango du.
Besteak beste, modalitate hauetan ariko dira:
- Zesta-punta
- Eskuz
- Larruzko paleta
- Pala motza
- Gomazko paleta
- Xarea
- Frontballa
- Parapelota
Zesta-puntan, esaterako, emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak izango dira, 54 eta 36 metroko frontoietan. Eskuzkoan, berriz, gizonezkoek parte hartuko dute 36 metroko frontoian.
41 pilotari eta bederatzi hautatzaile
Selekzioa 41 pilotarik, bederatzi hautatzailek eta laguntzaile tekniko batek osatuko dute. Taldean Euskal Herriko hainbat klubetako pilotariak daude.
Besteak beste, Aritz Erkiaga, Beñat Garmendia, Ekhi Irribarria, Esteban Gaubeka, Iker Gordon, Olatz Arrizabalaga eta Maialen Aldazabal arituko dira euskal selekzioaren izenean.
“Une historikoa”
Aurkezpenean Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak azpimarratu duenez, Munduko Txapelketan Euskadik bere izenarekin ofizialki parte hartzea “une historikoa” da. Bengoetxeak adierazi du Jaurlaritzaren konpromisoa dela Euskal Selekzioen ofizialtasunaren alde lanean jarraitzea.
Aurkezpen ekitaldian Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Joxe Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea ere izan dira, beste kirol eta erakundeetako ordezkariekin batera.
Horrela, urriaren 15ean hasiko da Euskal Pilota Selekzioaren lehen parte-hartze ofiziala Munduko Txapelketa batean ikurrinaren koloreekin.

