Skip to content
Gasteiz24
Menu
  • Politika
  • Gizartea
    • Gasteizko jaiak
  • Kirolak
    • Alaves
    • Baskonia
  • Garraioa
  • Eguraldia
  • Kultura
Menu
ELA

Euskal Errepublika nahi du ELAk eta «aldebakarreko estrategia» aldarrikatu du

2026ko urriaren 6a - 7:47 · gasteiz24

Lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena baliatu du sindikatuak memoria demokratikoa aldarrikatzeko eta burujabetzan aurrera egiteko proposamena plazaratzeko.

ELA sindikatuak memoria demokratikoarekiko eta Euskal Errepublikarekiko konpromisoa berretsi du, Lehen Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrenaren harira. Sindikatuaren arabera, urteurrena baliatu behar da 1936an eskubide eta askatasunen alde borrokatu zirenen memoria aitortzeko, baina baita gaur egungo langileen eta euskal gizartearen beharrei erantzuteko konpromisoa indartzeko ere.

ELAk gogora ekarri du 1936ko urriaren 1ean Estatutuaren onarpena eta urriaren 7an lehen Eusko Jaurlaritzaren eraketa. Sindikatuaren arabera, lehen gobernu hark demokrazia, askatasuna, euskal kultura, autogobernua eta herritarren bizitza defendatzeko ardura hartu zuen, gerra eta kolpe militar faxistaren testuinguruan.

Sindikatuak bere militanteen memoria ere aldarrikatu du. ELAk azaldu duenez, bere afiliatuetako batzuek San Andres batailoia osatu zuten, eta beste batzuek ere gerra garaiko batailoietan borrokatu zuten. Hildako, eraildako, torturatutako, espetxeratutako eta erbestera edo klandestinitatera behartutako militanteak omendu ditu.

ELAk eskuin muturrari aurre egiteko «justizia soziala» aldarrikatu du

Bestalde, ELAk eskuin muturraren gorakadaz hitz egin du. Sindikatuaren ustez, fenomeno horri aurre egiteko beharrezkoa da «prekaritatea, desberdintasunak eta babes sozialaren ahultzea» gainditzea.

Horretarako, ELAk justizia sozialean eta burujabetzan oinarritutako politikak eta ezkerreko aliantza politiko eta sozialak defendatu ditu.

Era berean sindikatuak kritikatu du «politika neoliberalen bultzatzaileekin» aliantzak edo kontzentrazio-koalizioak eskuin muturrari aurre egiteko irtenbidetzat aurkeztea. ELAren arabera, horrek eraldaketa sozial eta nazionalean aurrera egiteko aukerak «zapuzten» ditu.

Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna

ELAren proposamenaren barruan daude aberastasuna modu bidezkoan banatzea, zerbitzu publikoak indartzea, etxebizitza eta zaintza bermatzea eta euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea.

Sindikatuak, halaber, «erabakitzeko tresna politiko, ekonomiko eta kultural propioak» eskatu ditu, eta bereziki Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aipatu du.

ELAren ustez, azken hamarkadek erakutsi dute Espainiarekin eta Frantziarekin adostasunaren zain egotean oinarritutako aldebikotasunaren estrategiak porrot egin duela. Horren ordez, «herri antolakuntzan eta indar harremana aldatzean» oinarritutako estrategia defendatzen du sindikatuak.

Horren guztiaren barruan kokatzen du Euskal Errepublikaren aldeko apustua. ELAk adierazi du bide hori indartzeko aliantzak sustatuko dituela bide bera partekatzen duten eragile sindikal, sozial eta politikoekin.

Azkenik, sindikatuak adierazi du bere helburua dela «Euskal Errepublika sozialista, feminista, antirrazista, ekologikoki iraunkorra eta euskalduna» eraikitzeko bidean aurrera egitea.

Argazkiaren egilea Josi da.

Azken albisteak

  • Eusko Jaurlaritzaren webgune nagusiak erorita daude gaur goizetik
  • Gure Zirkua Gasteizen berriro ere
  • EAJko zinegotzi berriak gaztelaniaz egin du karguaren hitz ematea Gasteizko Udalean
  • 25 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak bikotekideari eraso egitea egotzita
  • PSOE, putak eta PPko gazteak

Hemeroteka

  • 2026(e)ko urria
  • 2026(e)ko iraila
  • 2026(e)ko abuztua
  • 2026(e)ko uztaila

Harremanetarako


gasteiz24(a bildua)gasteiz24.com

Gasteiz24 whatsapp kanala
Gasteiz24 telegram kanala
Gasteiz24 twitter
©2026 Gasteiz24
Nor gara · Harremana
imunify-bot-check