Prezioek gora egiten jarraitzen dute Araban. Azken urtean, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) %5,4 igo da gurean. Urtea hasi zenetik, berriz, garestitzea %4,1ekoa izan da, eta irailetik urrira %0,2 igo dira prezioak.
Espainiako Estatistika Institutuak (INE) gaur argitaratu ditu KPIaren datuak. Horien arabera, azken urtean gehien garestitu diren produktuen eta zerbitzuen artean daude garraioa (%10,1), arropa eta oinetakoak (%5,8), etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuk (%5,7), eta jatetxeak eta hotelak (%5,6).
Azken hilabetean, berriz, arropa eta oinetakoak izan dira gehien garestitu direnak: irailetik urrira %6,9 igo dira prezioak sektore horretan.
Prezioek gora egin dute Hego Euskal Herri osoan
Araban bezala, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan ere prezioak igo egin dira azken urtean, nahiz eta igoeraren neurria ez den berdina izan lurralde guztietan.
Bizkaian, prezioak %5,3 garestitu dira azken hamabi hilabeteetan, eta %0,2 irailetik urrira. Nafarroan ere urte arteko igoera %5,3koa izan da, baina azken hilabetekoa %0,4koa. Gipuzkoan, aldiz, urteko garestitzea %4,3koa izan da, eta azken hilabetekoa %0,1ekoa.

