Denok ezagutzen dugu Trebiñu: Burgosko probintziako lurraldea, Arabaren erdian. Gure zortigarren kuadrilla. Baina ba al zenekien Gasteizek ere baduela bere “Trebiñu” partikularra? Txikia da, inor ez da bertan bizi eta ez du ia azpiegiturarik. Baina mapan begiratuta, bitxikeria polita da.
Gasteizko udalerria ez da hiria bakarrik. Udalerri erraldoia da, Gasteizko mendietatik Uribarriko urtegiraino eta Ruta de Europa hotelaren ingurutik Azazetaraino zabaltzen dena. Gainera, udalerrian hainbat herri daude, tartean Aberasturi, Gasteizko hego-ekialdean.
Eta Aberasturi inguruan dago istorio honetako protagonista.
507.000 metro koadro inguruko lur zati bat da, 3.270 metro inguruko perimetroarekin. Mapari begiratuta, Gasteizko udalerriaren barruan dagoela dirudi. Eta hala da kokapenari dagokionez. Baina administratiboki ez da Gasteiz: Iruraiz-Gauna udalerriaren parte da.
Hau da, nolabait esateko, Gasteizen barruan dagoen baina Gasteiz ez den lur zatia.
Eta zer dago bertan? Bada, ez espero herrixkarik, udaletxerik edo tabernarik. Ez dago etxerik, ezta eraikinik ere. Ez dago basorik eta ezta errepiderik ere. Lurrak nekazaritzarako erabiltzen dira eta, gaur egun, ez da inor bertan bizi.
Beraz, Gasteizek badu bere “Trebiñu” txikia. Alde handiarekin, ordea: Trebiñun herriak eta milaka biztanle daude; Gasteizko enklabe honetan, berriz, soroak besterik ez.
Eta agian horregatik da are bitxiagoa: Gasteizen barruan zaude, baina lur zati horretan Gasteiztik atera gabe atera zara Gasteiztik. Mapak ere baditu bere txoko harrigarriak.
