Zurrumurrua baieztatu da, Baskoniak Alex Len pibot ukrainarraren fitxaketa ofizial egin du. 33 urteko jokalaria Gasteizko taldearen barruko jokoaren pieza berria izango da. 2028ra arteko kontratua sinatu du.
2,13 metroko Lenek 12 denboraldi egin ditu NBAn, eta guztira 704 partida jokatu ditu Phoenix Suns, Atlanta Hawks, Sacramento Kings, Toronto Raptors, Washington Wizards eta Los Angeles Lakers taldeetan. 2013ko draft-ean bosgarren postuan hautatu zuten, Marylandeko unibertsitatetik.
Europan, berriz, Real Madrilen jokatu zuen joan den denboraldian. 23 partida jokatu zituen Euroligan, batez beste 3 puntu, 2 errebote eta 0,9 txapel lortuta, bederatzi minutu pasatxoko jardunarekin.
Fitxaketarekin, Baskoniak indartu egiten du pibotaren postua, Kenneth Faried baitzen orain arte taldeko bosteko natural bakarra. Lenek esperientzia eta presentzia fisikoa emango dizkio Paolo Galbiatiren taldeari.
Baskoniaren denboraldi ofizialaren hasiera gero eta gertuago dago: Euroligako lehen partida irailaren 24an jokatuko du Buesa Arenan, Olympiacosen aurka.
