Urriaren 1ean ospatu zuen Baskonia-Alaves fundazioak bere lehen gala eta bertan lau sari banatu zituen. Horietako bi erakunde publikoentzat izan ziren, hain zuzen ere taldeari diru publiko gehien ematen dioten erakundeentzat. Beste bat Gizarterako elkarteak jaso zuen, kirolaren barruan «inklusioa, elkartasuna, errespetua eta aukera berdintasuna sustatzeagatik». Laugarrena, berriz, Araba Euskarazentzat izan zen, «euskararen eta kulturaren alde egindako lanagatik».
Baina euskararen aldeko aitortza jaso eta lau egunera, Alavesek euskarazko sare sozialetan jarduteari utzi zion. Urriaren 5ean argitaratu zuen azken mezua X sareko euskarazko kontuan, 16:03an. Mezu hura, gainera, gaztelaniazko testua zuen pin baten publizitatea egiteko erabili zuen.
Ordutik, Alavesek 67 txio argitaratu ditu gaztelaniazko profilean. Besteak beste, Atletico Madrilen aurkako partidaren aurreko informazioa eta kontakizuna, hurrengo neurketen ordutegiak eta sarrerak erosteko argibideak. Informazio hori guztia gaztelaniaz zabaldu du klubak.
Euskarazko kontua, bigarren mailan lehenik; hilda orain
Euskarazko kontua aktibo zegoenean ere, Alavesek ez zuen informazio guztia euskaraz eskaintzen. Alfonso Fernandez de Troconizek zuzentzen duen klubak informazio guztia bideratzen du gaztelaniazko profilera, eta euskarazko kontuak ez zuen gaztelaniazkoaren jarduera eta edukien parekorik.
Euskarazko profila, beraz, ez da inoiz izan lehentasuna Alavesentzat. Orain, ordea, egoera are argiagoa da: euskarazko kontua erabat geldirik dago, klubak euskararen eta kulturaren aldeko lanagatik Araba Euskaraz saritu eta egun gutxira.
Baskoniak euskarazko kontua mantentzen du, baina alde handiekin
Baskoniaren euskarazko X kontuak, aldiz, bizirik jarraitzen du. Hala ere, bi taldeen komunikazio ereduek antzeko arazoa dute: gaztelaniazko profiletan informazio guztia zabaltzen dute, eta partiden aurreko nahiz ondorengo kontakizunak eskaintzen dituzte; euskarazkoan, berriz, eduki jakin batzuk baino ez dituzte argitaratzen.
Baskoniaren euskarazko profilean albiste batzuk eta partiden emaitzak ikus daitezke, baina ez gaztelaniazko kontuan eskaintzen den informazio osoa.

