Gasteizko Udalaren Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuak 525.328 euro gastatu zituen 2025ean hedabideetan publizitatea egiteko. Euskarazko hedabideek 8.883 euro baino ez zituzten jaso: gastuaren %1,69.
2025ean, Gasteizko Udaleko Protokolo eta Erakunde Komunikaziorako Zerbitzuak 525.328,02 euroko publizitate-gastuak egin zituen hedabideetan. Datu horiek ez dira Udalaren publizitate-gastu guztiak: prentsa idatzian, irratian eta telebistan egindako publizitate-gastuak dira, komunikabide-agentzia baten kontratazioaren bidez kudeatutakoak.
Guztira, 686 faktura jasotzen ditu zerrendak. Eta diru horretatik, euskarazko hedabideek oso zati txikia jaso zuten.
525.000 eurotik, 8.883 euro euskarazko hedabideetara
Zerrendan Alea eta Berria dira euskarazko hedabide gisa ageri diren euskarazko hedabide bakarrak. Tokiko hedabideak 8.108 euro jaso zituen 2025ean, 13 fakturatan. Berria egunkari nazionalak, berriz, 775 euro, faktura bakarrean. Bien artean, beraz, 8.883 euro dira.
Horrek esan nahi du zerrendako 525.328,02 euroen %1,69 baino ez dela bi hedabide horietara joan, alegia Udaleko Komunikazio Zerbitzuak hedabideetan banatutako 100 eurotik 1,69 euro baino ez ziren ALEA eta BERRIAra iritsi.
Araban eskela gehien saltzen dituen El Correo Español egunkariak 212.454,32 euro jaso zituen, hau da, gastu osoaren %40,44. Noticias de Alavak 137.031,27 euro jaso zituen, %26,08.
Bi hedabide horiek bakarrik hartuta, 349.485,59 euro dira: zerrendako gastu osoaren %66,53.
Horrez gain, zerrendan Gara (720 euro) eta Naiz.eus (600,30 euro) ere ageri dira. Bi hedabide horiek euskarazko edukia eskaintzen dute, baina ez dira euskarazko hedabide hutsak. Horiek ere kontuan hartuta, lau hedabideen artean jasotakoa 10.203,30 eurora iristen da, guztizkoaren %1,94.
Radio Vitoria eta ETB2ren presentzia
Irrati eta telebistaren kasuan ere, zerrendan Radio Vitoria eta ETB2 ageri dira.
Radio Vitoriak 29.674,23 euro jaso zituen, 53 fakturatan, eta ETB2k 990 euro, faktura bakarrean.
Aldiz, Euskadi Irratia eta ETB1 ez dira 2025eko zerrendan ageri.
Zenbat jaso zuen bakoitzak?
Publizitate Gastuak 2025 — Hedabideka
| Hedabidea | Guztira (€) | Faktura kop. |
|---|---|---|
| El Correo Español | 212.454,32 | 257 |
| Noticias de Álava | 137.031,27 | 150 |
| Cadena Ser | 37.801,35 | 49 |
| Radio Vitoria | 29.674,23 | 53 |
| Onda Cero | 14.844,56 | 14 |
| Cope Vitoria | 14.020,00 | 14 |
| Eldiario.es | 9.208,98 | 6 |
| Gasteizhoy | 8.430,00 | 16 |
| Alea | 8.108,00 | 13 |
| Radio Gorbea | 7.888,58 | 11 |
| 40 principales | 7.034,30 | 10 |
| Cadena 100 | 6.310,00 | 13 |
| Gastos Producción | 6.179,34 | 11 |
| Dato Económico | 5.648,85 | 9 |
| Radio Marca | 5.011,00 | 13 |
| Rock Fm | 3.640,00 | 10 |
| Dxtfem.com | 2.272,71 | 12 |
| Cadena Dial | 2.154,00 | 7 |
| Kiss Fm | 1.646,40 | 11 |
| Eldiario.es | 1.534,83 | 1 |
| Etb 2 | 990,00 | 1 |
| Berria | 775,00 | 1 |
| Onda Vasca | 750,00 | 1 |
| Gara | 720,00 | 1 |
| Naiz.eus | 600,30 | 1 |
| Gastos Produccion | 600,00 | 1 |
| GUZTIRA | 525.328,02 | 686 |

