Skip to content
Gasteiz24
Menu
  • Politika
  • Gizartea
    • Gasteizko jaiak
  • Kirolak
    • Alaves
    • Baskonia
  • Garraioa
  • Eguraldia
  • Kultura
Menu

Zenbat garestitu da Gasteizen kanpoan jatea? Kartak konparatu ditugu

2026ko irailaren 9a - 11:31 · gasteiz24

Kanpoan bazkaldu edo afaltzea gero eta garestiagoa dela esatea ez da albiste handia. Kartari begiratu, plater bat aukeratu eta… tira, agian postrea beste egun baterako uztea ere ez da ideia txarra.

Baina zenbat igo dira benetan prezioak Gasteizen? Gasteiz24n susmoa datuekin egiaztatu nahi izan dugu. Horretarako, hiriko hainbat jatetxe eta tabernatako karta zaharrak eta gaur egungoak alderatu ditugu.

Eta emaitza nahiko argia da: urteak pasa ahala, plater berberak gero eta garestiagoak dira. Batzuetan igoera txikia da; beste batzuetan, ordea, patrikak ere nabaritzen du.

Xixilu: lubinak ere ez du ihes egiten

Xixilun, esaterako, 2026ko maiatzean plantxan egindako lubinak 18,50 euro balio zuen. Duela bederatzi urte, berriz, 12,10 euro.

Hau da, 6,40 euro gehiago, ia %53ko igoera.

Okela zaleek ere ez dute albiste hoberik. Idi-buztanak 15,50 euro balio du gaur egun, duela bederatzi urte 13,20 euro zenean.

Eta postrea? Flana ere ez da lehen bezain gozo ateratzen… poltsikorako behintzat. 2026ko maiatzean 5,50 euro kostatzen zen, duela lau urte 3,85 euro. Arroz-esneak, berriz, 4 eurotik 5 eurora egin du gora.

Black 51: hanburgesa ere garestitu da

Hanburgesa bat jatea ere ez da lehen bezain merkea. Oraingoan Zabalgana auzora joango gara, Black51 tabernara.

2021eko otsailean, gazta, letxuga eta tomatedun hanburgesak 5 euro balio zuen. 2026ko apirilean, berriz, 7,50 euro.

Entsalada mistoak ere bide bera egin du: 6,50 eurotik 8,50 eurora.

Beraz, bost euroko hanburgesa hura historiako prezio berezitzat hartu beharko dugu.

Pizza: margarita ere hazten ari da

Lakuako La Trattoria da Luigin ere antzeko joera aurkitzen dugu.

2025eko azaroan, Margarita pizza 10 euro zen eta Calabreseak 13 euro balio zuen. Duela bederatzi urte, berriz, 8 eta 10,50 euro ziren, hurrenez hurren.

Hau da, Margarita pizza batek %25 gehiago balio du gaur egungo kartan alderatutako prezioaren arabera.

Pintxoa ere ez da libratzen

Rincón de Luis Mariren karta ere begiratu dugu. Duela lau urte, Serranito eta Antxopi pintxoek 2,10 euro balio zuten.

2026ko apirilean, berriz, 2,70 euro.

Ez dirudi aldaketa handia denik, baina pintxo bat, beste bat eta… azkenean kontua ere handitu egiten da.

Pulpoa: Galiziatik Gasteizera, eta gorantz

Camilo jatetxean pulpo a feira con cachelos platerak 16,50 euro balio zuen 2021eko urtarrilean.

2025eko apirilean, berriz, 17,50 euro.

Kasu honetan igoera txikiagoa da, baina joera bera mantentzen da: lau urteren buruan, euro bat gehiago.

Conde de Álava: urtetik urtera, eta plateretik platera

Conde de Álavaren karta zaharrari begiratuta ere, aldaketak nabariak dira.

2019ko urtarrilean, bellota urdaiazpiko iberikoak 17,90 euro balio zuen. Gaur egun, 20,95 euro.

Baratxuri-errefritoarekin egindako lubinak, berriz, 11,50 eurotik 14,95 eurora pasatu dira.

Eta arkume erreak izan du igoerarik handienetako bat: 2019an 14,80 euro eta gaur egun 19,90 euro.

Manaosen, hanburgesa eta bokata

Lakuako Manaos tabernan ere garai bateko prezioak aurkitu ditugu.

2017ko urtarrilean, hanburgesa arruntak 4,40 euro balio zuen. 2025eko otsailean, 6,30 euro.

Bacon, gazta eta piperraren bokata, berriz, 4,60 eurotik 7,80 eurora pasa da.

Azken horretan, zorroak ia lau euro gehiago utzi behar ditu gaur egun.

Eguneko menua: 16,50 eurotik 23,90era

Eta eguneroko bazkaria aukeratzen dutenek ere nabarituko dute.

Cuben, 2017ko abenduaren 7an, eguneko menuak 16,50 euro balio zuen.

2025eko abenduan, berriz, 23,90 euro.

Hau da, 7,40 euro gehiago, %45 inguruko igoera.

Sushia…

Sushi Houseko prezioetan ere antzeko bilakaera ikus daiteke.

Duela bost urte, ahuakate-nigiriak 2,50 euro balio zuen eta spicy salmon urakamiak, lau piezako errazioak, 3,95 euro.

Duela urtebete, prezioak 2,80 eta 4,95 euro ziren, hurrenez hurren.

Eta orain zer?

Azken batean, karta zaharrei begiratzea ere bada denboran atzera egiteko modu bat. Duela urte batzuk 5 eurorekin hanburgesa eta 2,50 eurorekin nigiri batzuk jaten genituen; gaur, plater berberengatik gehiago ordaindu behar da.

Eta igoera ez da kasu bakar batera mugatzen: haragia, arraina, pizzak, hanburgesak, pintxoak, postreak eta eguneko menuak alderatuta, adibide gehienetan prezioa handiagoa da.

Horrek ez du esan nahi Gasteizen jatea merezi ez duenik. Hiriko ostalaritzak eskaintza zabala izaten jarraitzen du, eta gastronomia Gasteizko bizimoduaren parte garrantzitsua da. Baina hurrengoan karta eskuetan hartzen dugunean, agian ez dugu lehenengo galdera egingo: “Zer jango dut?”

Lehenengoa beste bat izango da:

“Zenbat kostatzen da?”

Eta gero, noski, postrea.

Azken albisteak

  • Eusko Jaurlaritzaren webgune nagusiak erorita daude gaur goizetik
  • Gure Zirkua Gasteizen berriro ere
  • EAJko zinegotzi berriak gaztelaniaz egin du karguaren hitz ematea Gasteizko Udalean
  • 25 urteko gizon bat atxilotu du Udaltzaingoak bikotekideari eraso egitea egotzita
  • PSOE, putak eta PPko gazteak

Hemeroteka

  • 2026(e)ko urria
  • 2026(e)ko iraila
  • 2026(e)ko abuztua
  • 2026(e)ko uztaila

Harremanetarako


gasteiz24(a bildua)gasteiz24.com

Gasteiz24 whatsapp kanala
Gasteiz24 telegram kanala
Gasteiz24 twitter
©2026 Gasteiz24
Nor gara · Harremana
imunify-bot-check