Bi gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak Gasteizen, gizon bati indarkeriaz lapurretzeagatik. Biktima lurrera bota eta hainbat kolpe eman zizkioten, diru-zorroa eta telefono mugikorra kentzeko, beti ere Ertzaintzak zabaldutako bertsioaren arabera.
Atzo goizaldeko bostak aldera gertatu zen Alde Zaharreko Hedegile kaletik gertu. Kalez jantzitako bi ertzainek herritar baten laguntza-oihuak entzun zituzten eta berehala gerturatu ziren.
Lekura iritsi zirenean, agenteek gizona lurrean aurkitu zuten. Biktimak azaldu zienez, bi ezezagun hurbildu zitzaizkion, lurrera bota eta hainbat aldiz jo zuten, ondoren diru-zorroa eta mugikorra lapurtzeko.
Ustezko erasotzaileek ihes egin zuten agenteak bertara iritsi zirenean, baina poliziek metro gutxira harrapatu zituzten.
Atxilotutako bi gizonezkoek 30 eta 37 urte dituzte. Ertzaintzaren arabera, biak Magrebeko jatorrikoak dira. Gazteenak aurrekari polizialak ditu eta Ertzaintzak bederatzi aldiz atxilotu du aurretik; 37 urteko gizona, berriz, hiru aldiz atxilotu dute.
Biak atxilotu eta ertzain-etxera eraman zituzten, beharrezko eginbideak egiteko. Izapideak amaitu ondoren, Gasteizko Guardiako Epaitegiaren esku geratuko dira.
