Gasteizko alkatea, Maider Etxebarria, euskara ikasten ari da, hala aitortu zuen duela lau urte baino gehiago Gasteizen gehien saltzen den egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.
Orduan, ordea, euskara eta EAJren inguruko polemika izan zuen hizpide. «No soporto más la turra del PNV con el euskera. Vale ya de dar carnés de vasco», esan zuen Etxebarriak, Joseba Egibar jeltzaleak egindako adierazpen batzuei erantzunez.
Izan ere, orduko Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak «euskara da euskaldun egiten gaituena» adierazi zuen. Etxebarriak ez zuen begi onez hartu baieztapena.
Orduko elkarrizketan esandakoak euskarara itzuli zituen Argia aldizkariak. Honela jaso zituen Etxebarriaren hitzak:
Ezin dut gehiago jasan EAJren turra euskararekin. Bost hizkuntza dakizkit eta euskara ikasi eta hitz egiten dut gustatzen zaidalako, filologoa naizelako. Ez dut nire burua euskara hobeto edo okerrago hitz egiten duen bat baino euskaldunagotzat hartzen. Aski da, utz diezaiotela txorakeria horiek esan eta euskal txartelak banatzeari. Euskadiko nazionalismoaren zati batzuen harrotasunaren adibide da. Jokaldia borobiltzeko, Egibarrek esan zuen EAJren beraren itzulpen akatsa izan zela. Bere burua hobetzat duenaren ohiko basakeriak eta zakarkeriak dira. Agian erakusten duena gutxiagotasun konplexu bat da. Hala bada, berak senda dezala
Lau urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta duela hamar egun Etxebarria ETB1eko saio batean agertu zen, Zeledonen Igoeraren harira.
Saioan, ordea, deigarria izan zen euskaraz egindako galderei gaztelaniaz erantzun izana. Hasierako agurra euskaraz egin ondoren, ETBko aurkezleak euskaraz egin zizkion galderak, baina Gasteizko alkateak espainieraz erantzun zien.
Etxebarriak duela urte batzuk adierazi zuen euskara ikasten ari zela eta hitz egiten zuela. ETB1eko agerraldiak, beraz, bere euskararen egungo maila ikusteko aukera eman du.
Hemen duzue bideoa, Gasteizko alkatea euskaraz nola moldatzen den ikusi ahal izateko. Hortik aurrera gazteleraz jarraitu zuen.
Bideoa osorik ikus daiteke etbon atarian.
