Gasteiz erdialdeko Decathlon denda handitu egin da. Alaba Jeneralaren kalean dagoen establezimenduak metro batzuk irabazi ditu, izan ere, multinazional frantsesak izkinan zegoen Claire’s dendaren lokala ere hartu du.
Handitzearekin batera, kirol-dendak sarrera ere aldatu du. Orain arte Alaba Jeneralaren kaletik egiten zen sarrera nagusia; hemendik aurrera, berriz, izkinan egongo da .
Arabako Katastroaren irudi honetan urdinez dagoen ikus daiteke Decathlonek eskuratu duen lokal berria.

Banaketa
Dendaren goiko solairuan hainbat zerbitzu eta produktu daude. Besteak beste, internet bidez egindako eskaerak jasotzeko gunea, aldagelak, mendiko kirola, fitnessa, haurrentzako atala, futbola eta padela.
Beheko solairuan, berriz, ordainketa-kutxak eta txirrindularitza, igeriketa, runninga eta kirol-elikadurako produktuak daude.
Euskara
Dendak espazio fisikoa irabazi badu ere, euskarak ez du leku berririk aurkitu. Gasteizko euskaldun askok Decathlonen erosten duten arren, euskarak ez du presentziarik dendaren hizkuntza-paisaian.
Kartelak, atal nagusien izenak eta bestelako informazioa gaztelania hutsean daude. Hala, dendak metro karratuak handitu dituen bitartean, euskarak ez du aurrerapausorik eman.



