47 urteko gizonezko bat atxilotu du Udaltzaingoak goizaldean, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu delitu baten ustezko egile gisa, tranbiako langileei eta bertara joandako udaltzainei eraso egin ostean. Horren eraginez tranbia etenda egon da denbora batez.
Gertaerak goizeko 04:00ak aldera izan dira, Becerro Bengoa kalean. 092ra egindako dei batek ohartarazi du gizon batek jarrera oso oldarkorra zuela eta tranbiako erabiltzaileak nahiz langileak jazartzen ari zela.
Susmagarriak ez zdu bere jokabidea baretu poliziak iristean. Aitzitik, oldarkorrago jarri zen eta Udaltzaingoko agenteei zein esku hartzen ari ziren segurtasun zaintzaileei eraso egin zien. Horren ondorioz, bertan atxilotu zuten.
Beste hiru atxiloketa egun berean
Udaltzaingoak jakinarazi duenez, ostegunean beste hiru pertsona ere atxilotu zituzten. Lehenengoa, 25 urteko gizonezko bat, Simon de Anda kalean, etxebizitza batean izandako eztabaida baten ondoren hainbat pertsona erasotu eta haietako bati buruan lesio larriak eragiteagatik.
Bigarren atxiloketa Micaela Portilla kalean egin zuten, prebentziozko alkohol eta dokumentazio kontrol batean. Gidari batek bikotekidearengana hurbiltzeko eta harekin harremanetan jartzeko debekua zuen arren, biak batera zihoazela egiaztatu zuten agenteek, eta epailearen agindua urratzeagatik atxilotu zuten.
Azkenik, 23 urteko gazte bat atxilotu zuten Barratxi kalean, Gamarrako igerilekuetan motxila bat lapurtu eta ihes egiten ari zela.
Informazio hau egiteko Gasteizko Udaltzaingoak zabaldutako bertsioa erabili dugu.
