Udaltzaingoak 30 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Plaza Berriko kontzertuan emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita.
Gertakaria goizaldeko 02:30 aldera izan da. Emakume batek gizonari alde egiteko eskatu zion, bertan zeuden pertsonak gogaitzen ari zelako. Une horretan, susmagarriak emakumeari lepoan jo eta genitaletatik heldu zion. Horren ondoren, Udaltzaingoak atxilotu egin zuen sexu-eraso delitu baten ustezko egile gisa. Beti ere Udaltzaingoak zabaldutako bertsioaren arabera.
Beste sei atxiloketa abuztuaren 4az geroztik
Sexu-erasoaren atxiloketaz gain, Udaltzaingoak beste sei pertsona ere atxilotu ditu azken egunotan.
Abuztuaren 4ko goizean, 51 urteko gizon bat atxilotu zuten Zaramaga auzoan, etxeko indarkeriaren esparruan lesioak eta derrigortzeak eragitea egotzita. 092 telefonora egindako dei batek etxebizitza batean izandako eraso baten berri eman zuen.
Atzo goizaldean, 27 urteko gizon bat atxilotu zuten Mendizabala kalean aparkatutako autokarabana batean indarra erabiliz lapurtzen saiatzea egotzita. Agenteek ibilgailuan sartzen saiatzen ari zela harrapatu zuten.
Goizeko 09:00ak baino lehen, beste 30 urteko gizon bat atxilotu zuten Lovaina plazan lesio delitu bat egotzita. Bi gizonen arteko borroka baten abisua jaso ondoren agenteek biak banandu zituzten eta haietako batek zituen lesioak ikusita, bestea atxilotu egin zuten.
Atzo ere, goizeko 10:30ak aldera eta Arriagako Atean , 43 urteko gizon bat atxilotu zuten indarkeriaz egindako lapurreta batengatik. Biktimak 092ra deitu zuen urrezko katea bortxaz kendu ziotela salatzeko eta hark emandako deskribapenari esker susmagarria inguruan aurkitu zuten.
Gaueko 23:00etan 27 urteko gizon bat atxilotu zuten Errioxa kalean agintaritzaren agenteei eraso egitea eta erresistentzia larria erakustea egotzita. Aurretik, Mendizabalako barraketan bizikleta elektriko bat lapurtu zuen. Udaltzaingoaren arabera, aurreko egunean autokarabana batean lapurtzen saiatzeagatik atxilotutako pertsona bera zen. Agenteek gelditzeko agindua eman ziotenean, bizikleta fatxada baten aurka bota eta ihes egiten saiatu zen. Azkenean atxilotu egin zuten agenteei aurre egin eta eraso ondoren.
Azkenik, bart gauerdian, 22 urteko gazte bat atxilotu zuten Serafín de Ajuria kalean indarkeriaz egindako lapurreta bat egotzita. Hainbat lekukok eta inguruan zebilen patruila batek hiru gizonen arteko istilua ikusi zuten. Susmagarriak tiraka kendu zion urrezko katea biktimari eta eraso egin zion. Herritarren laguntzari esker, lapurra aurkitu eta atxilotu zuten, eta lapurtutako katea jabeari itzuli ahal izan zioten.
Informazio hau osatzeko Udaltzaingoak zabaldutako informazioa erabili dugu.
