Tranbiaren zerbitzua eten egingo da Legebiltzarra eta Angulema geralekuen artean datorren astelehenetik, abuztuaren 10etik, irailaren 6ra arte. Gainerako ibilbideetan, ordea, tranbiak normaltasunez ibiliko dira, bi geraleku horiek linea bakoitzaren amaiera izango dira.
Alaba Jenerala eta Independentzia kaleetan egin behar diren urbanizazio lanengatik izango da, eta hain zuzen ere hiriko jarduera txikiagoa den garaia aprobetxatuko dute tranbiaren plataforma berritzeko.
Obren barruan, esku-hartze eremu osoan zoladura berria eta homogeneoa jarriko da. Horrez gain, Independentzia, Alaba Jenerala eta Foru kaleen elkargunean dauden bi trenbide-zati berrituko dituzte, eta 20 kutxatila inguru konponduko dira. Helburua hiriguneko garraio publikoaren eta pribatuaren arteko integrazioa hobetzea da.
Euskal Trenbide Sarearen aurreikuspenen arabera tranbiaren zerbitzua irailaren hasieran berreskuratuko da, hain zuzen ere ikastetxe gehienek jarduera berriro hasten dutenean. Hala ere, eguraldiak laguntzen badu, zerbitzua lehenago martxan jartzen saiatuko direla adierazi dute.
Tranbia berriro martxan jarri ondoren, obrek aurrera jarraituko dute plataformatik kanpoko espaloietan eta inguruko eremuetan, urte amaierara arte. ETSk azaldu du bizilagunengan eta merkataritzan ahalik eta eragin txikiena izatea bilatuko duela.
